XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mendearen erdialdeko Iparraldeko euskaltzaleen artean pertsonaia laikoak ere agertu ziren: Chaho originalena eta distiratsuena izango zen; harekin batera Duvoisin, Dasconaguerre, Archu eta Elissanburu aurkitzen ditugu, besteak beste.

Orain artean burutu zirriborroaren arabera, hizkuntz azterketak eta folklorismoa ziren XIX mendearen erdialde honetako Iparraldeko euskaltzaletasunaren ezaugarriak bitartean, Hegoaldeko euskaltzaletasunak guztiz bestelako oinarriak ditu. Mugaren alde bietako euskaltzaleen arteko harremanik eza kontuan hartu beharreko elementua izateaz gain, euskaltzaletasunaren agerpenak guztiz bide ezberdinak hartu zituen.

Goian aipatu bezala, Euskal Herriko Hegoaldean euskaltzaletasuna politika izaerako plantemenduen bidez azaldu zen: foralismoak, foruen erreibindikazioak ideologiaz erabat kutsaturiko literatura baten sorrreran esku hartu zuen. Literatura horrek euskaldunaren definizio-oinarriak eta berezitasunak ezartzeko xedea hartuko du, begiak mito eta elezaharretako iraganera zuzenduz, halakoek literatura baino askoz haratago doazen argumentuak ematen dituztelarik. Eleberria, askotan historikoa, elezaharra, ipuina eta olerkia, funtsean erromantze erakoa, izan ziren literatura foruzale horretarako euskarri eta bideak, eta haren ingurunea foruena baino askoz zabalagoa zen eta haren inguruan moldatu zen tradizioa Historian errotu eta gaur arte iritsi da, sektore jakin batzuetan partez indarrean dirauelarik.

Espainiako Euskal Herriko literatura foruzalea landu zutenak, hau da, euskal tradizioaren baina ez historiaren sortzaileak, aipatu aurretik, bi Karlistaden arteko aldi honetan (1840-1870) ezinbestekoa dugu Agustin Chaho nabarmentzea, tradizio horren aitzindari eta abiarazlea, Iparraldeko euskalduna, hain zuzen ere, baina Euskal Herriaz ikuspegi orokorra duena eta Hegoaldeko arazo politikoetan sartzen dena.

Pertsonaia erakargarri eta enigmatiko hau ikerketa askoren gaia izan da eta hala izaten jarraituko du, zeren eta bere alderdi anitzek haren pentsamenduaren eta obraren interpretazio askotarako bide ematen baitute. Chaho, besteak beste, masoi, akrata, errepublikano, abenturazale, gogargitu, eta argikusletzat hartua izan da. Vinsonek bere Essai d'une Bibliographie de la Langue Basque (Paris 1891) dioenez, hileta elizkizunik gabe ehortzitako lehen euskalduna izan zen, hau da, harena euskaldun baten lehen hileta zibila izan zela.

Alabaina, aurreko beste batena ezagutzen da: Juan Antonio de Olabarrietarena (Mungia 1763, Cádiz 1822). Clara-Rosa ezizenez sinatzen zuen Olabarrieta honek, idazle eta abenturazalea ere, menturazko bizitza izan zuen eta Cádizko kartzelan amaitu zen, haren hilotza, berak eskatu bezala, lagunek aulki batean eserita, luma bat eskuan, hiri osoan zehar paseatu zutela.

Chahok era askotako obrak idatzi zituen, kazetak sortu zituen, politikan esku hartu zuen, baina literatura foruzalearen abiatzailearean ikuspegitik haren Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques (1830-1835) azpimarratu beharra dago batez ere, Parisen 1836an argitaratua, bai eta hain asmakari emankorra izan den Aitorren elezaharra, Baionako L'Ariel kazetan argitaratua.

Ez du inor harritu behar Chahoren teoria bitxiek, begien bistako heterodoxia gorabehera, foruzale espainiar-euskaldunek, katoliko fundamentalistak gehienbat, ongi hartuak izateak. Eta ez bakarrik erlijioari doakionez, baizik eta politikaren aldetik ere, Chaho karlismoaren aldeko agertzen da, mugimendu hori Euskal Herriaren askatzaile gisa aurkezten duela, antzinako euskal konstituzioa, hau da, Foruak iraunarazteko borrokatzen baita.